Jokoan da Enrique Abril Errebote Txapelketa
2018/08/30 | Lehiaketa
Irailaren 9an ekingo diote lehiari Behar Zana, Txost eta Zubieta talde gipuzkoarrek eta Luzean talde lapurtarrak; finala irailaren 30erako aurreikusten da, Zubietan
Ate joka da Enrique Abril Errebote Txapelketa. Irailaren 9an, igandea, ekingo diote lehiari. Gipuzkoako lehiaketa ofizialen 2018-19 denboraldia hasiko da, hain zuzen ere, jardunaldi horretan.
Aurten Euskal Herriko lau talde lehiatuko dira, aurreko edizioko berak: Gipuzkoako Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); eta Lapurdiko Luzean (Donibane Lohizune).
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, denek denen aurka, irailaren 9tik 23ra bitartean. Partida guztiak Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazetan izango dira.
Eta ligaxkako 1 eta 2. sailkatuek finala jokatuko dute, printzipioz, irailaren 30ean, igandea, 11:00etan, Zubietan (eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren martxa).
Txapelketaren informazio osatua nahi izanez gero, Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril atalera jo daiteke; baita astero-astero txapelketaren jarraipena egin ere, Kartelera txokoan. |
|








